2010/11/19

HEZKUNTZA EREDU HIRUELEDUNA EUSKAL HERRIAN

BERRIA egunkarian argitaratutako testu hau jartzea erabaki dugu, hemen Euskal Herrian hezkuntza hirueleduna komenigarria den ala ez eta zergatik azaltzen digute Arantza Aurrekoetxea eta Mikel Basabe legebiltzarkideek.

2010-03-11
Euskara, marko hirueledunean

Arantza Aurrekoetxea. Mikel Basabe.
EAJko eta Aralarreko legebiltzarkideak

Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Marko Hirueleduna ekarri berri du Eusko Legebiltzarrera. Azaldu diguten proposamenak ez du bermatzen, ordea, gure legerian jasotako helburua: ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan hizkuntza ofizial bietan behar adinako gaitasuna izatea.

Hezkuntza eleaniztunaren alde gaude. Eleaniztasuna hezkuntzaren helburu izan behar da, gure ustez, eta atzerriko hizkuntza irakaskuntzan sartzearen aldekoak gara. Bat gatoz baita Hezkuntza sailburuak azaldutako helburu nagusiekin ere, hau da, «euskara sustatu, elebitasuna bermatu eta ingelesari eragitea»-rekin.

Helburu nagusi horiek betetze bidean, apurka, marko berri baterantz igarotzeko proposamena egin digu Gobernuak. Proposamena entzun eta irakurri ondoren, gure hausnarketa dakargu orri honetara. Eta esperientziaren oinarriak desegokiak direla esateko moduan gaude, honako hiru arrazoi hauengatik: okerreko abiapuntua du, helburuak ez dira zehatzak eta bitartekoak ere ez dira egokiak, ondoren azalduko zaizuenez:

1. Gobernuaren abiapuntua ez da zuzena: batetik, hezkuntzako euskalduntze-prozesua amaitutzat jotzen du; gure ustez, berriz, eskolak euskalduntzen jarraitu behar du. Hezkuntza-eredu guztiak berdin-berdin hartzen ditu abiapuntutzat, nahiz eta azkeneko hogeita hamar urteek erakutsi zeinek balio duen ondoen hizkuntza ofizial biak ikasteko, eta zeinek ez duen helburu horretarako balio. Bestetik, ez du gure hizkuntza-errealitatea kontuan hartzen, hau da, ez ditu aintzat hartu ez eskolaren euskalduntze-maila desberdinak ez eta egin diren esperientzia hirueledunak ere.

2. Esperientzian sartuko diren ikasle-taldeek lortu beharreko hizkuntza-mailak ez dira zehaztu. Markoa malgua izanik, ezinbestekoa da helburuak zehaztea. Helburuak lorgarriak izan behar dira, baina zehatzak, era berean, neurtu ahal izateko eta gero dagozkion egokitzapenak egin ahal izateko. Hizkuntza helburuak definitzea ez da obsesio bat; aitzitik, kontua oso sinplea da: hezkuntza sistema eraginkorra izango baldin bada, definitu egin behar da zer den «euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzeko behar adinako gaitasuna». Definizio hori barik ezinezkoa da bitartekoak definitzea -ez behintzat, eraginkorki-, eta ezin dugu jakin zein irizpide edo helbururen arabera egingo den ebaluazioa, eta are gutxiago zeren arabera erabakiko den esperientzia ikastetxe guztietara zabaldu ala ez.

Helburuak zehazterakoan, bestalde, euskararako eta gaztelaniarako helburu berbera jartzea dagokio, biak baitira gure hizkuntza ofizialak. Ingeleserako, berriz, atzerriko hizkuntzari dagokion lorpen-maila jarri beharra dago.

3. Bitartekoak aztertu ondoren baiezta daiteke euskarari ez zaiola arreta berezirik egingo marko hirueledun honetan. Hizkuntza desberdinetan irakatsi beharreko gutxieneko kopurua ikasgaien %20a da hiru hizkuntzetarako. Helburuak zehaztu eta aurreikusi ez badira, zer dela eta derrigorrezko ordu-kopuru horiek? Zergatik eta zertarako derrigorrezko ordu kopuru bat eta berdina hizkuntza guztietarako?

Hizkuntza helburuak edo mailak zehaztu barik egon arren, helburu nagusia kontuan izanik -«elebitasuna bermatzea», Zelaaren hitzetan-, ondoko ondorioak atera daitezke:

Batetik, azkeneko hogeita hamar urteetako esperientziatik abiatu beharra dago, hiru urteko esperimentazio-aldi hau egiteko: argi dago, datuek erakusten dutenez, hizkuntza ofizial biak jakiteko ez dela nahikoa hizkuntza horietatik ahulen dagoenari orduen %20 eskaintzea. Hizkuntza ofizial biak jakitea eta ingeles-maila altuagoa izatea bilatzen duen marko esperimental batek ezin ditu hizkuntzok berdin tratatu, azkeneko hogeita hamar urteetako esperientziak dioskunez. Esperientziak diosku, era berean, A ereduak ez duela balio hizkuntza ofizial biak ikasteko. A ereduan ingelesa txertatzeak ez du ekarriko eredu horretako ikasleek hizkuntza ofizial biak jakitea derrigorrezko eskolaldia amaitzean, eta sailburuak hori badaki.

Bestetik, eztabaida hau ezin da hizkuntza bakoitzaren esposizio-orduak zenbat diren finkatzera mugatu. Dena den, argi dago euskararen irakaskuntzak arreta berezia beharko duela, azkeneko hogeita hamar urteok erakutsi digutenez eskola denbora gehiena euskaraz egin izan duten ikasleek lortzen dituztelako emaitzarik onenak. Esposizio-orduez gain, badira beste faktore batzuk hil edo bizikoak direnak hizkuntza-gaitasuna eskuratzerakoan, eta horietan ere eragin egin behar da, eta ez dugu horien aipamenik irakurri proposamenean. Ez dute irakasleen euskara-gaitasuna hobetzeko aurreikuspenik jaso, ez eta ikasleen ikasgelatik kanpoko giroan euskararen presentzia indartzekorik ere, eskolako barne bizitzan ez eta udalerriko gizarte bizitzan. Euskara, eta euskarazko bizitza, gazteentzat erakargarria eta ohikoa den neurrian hobetuko da hizkuntza-gaitasuna, eskolak berak bakarrik ikasgeletan bermatu ezin dezakeena.

Gobernuaren proposamenak, azkenez, sailburuaren beraren hitzetan, adostasun sozial eta politiko zabala eta ahalik eta handiena behar du, eta inoiz ez orain artekoa baino txikiagoa. Ezinbesteko baldintza da hori sakoneko aldaketak egiteko. Gu prest gaude adostasuna lantzeko eta ahalbidetzeko, hezkuntza eleaniztunaren alde, kalitatezko hezkuntzaren alde, ikasleen aukera-berdintasunaren alde, euskara eta gaztelaniaren bizikidetzaren alde, euskal gizarte pluralaren bizikidetzaren alde, euskara eta hezkuntza inportanteegiak baitira besterik egiteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario