2010/11/19

EREIN EUSKAL CURRICULUMA "berria"

Ondoko testu hau, duela bi urte Euskal Curriculumaren arduradunak idatzitakoa da, bertan euskal curriculuma zer den eta honen bilakaera historian zehar azaltzen digu. Besterik gabe, gozatu ezazue testuaz!!

2008-06-14
Loren Arkotxa
Ruben Iglesias
Udalbiltzako lehendakaria eta Udalbiltzako Euskal Curriculumaren arduraduna
Badira, nazio bat egituratzeko orduan, funtsezkoak diren osagaiak; hezkuntza horietako bat da, baina hori baino gehiago ere bada. Hezkuntza, nazio baten etorkizuna bermatzeko ezinbesteko tresna da. Belaunaldi berriek osatuko baitute biharko jendartea. Jasotzen duten heziketa nolakoa, biharko jendartea halakoa. Horrela, hezkuntza euskaldunak, jendarte euskalduna sortuko du. Hezkuntza askatzaileak, jendarte askea.

XIX. mendean hezkuntza sistema modernoak sortu eta orokortu zirenetik, hezkuntza oso loturik egon da eskola eta unibertsitatearen esparru formalera. Ez da beti horrela izan. Belaunaldiz belaunaldiko ezagutzaren transmisioa, komunitatean, herrian, sendian, eman izan da gurean. Eta XXI. mendearen hasiera honetan ere, inoiz baino nabariagoa da hezkuntza prozesua ez dagokiola soilik hezkuntza sistemari, kolektibitate osoari baizik. Globalizazio garai honetan, non pentsamendu eta bizi eredu uniformeak zabaltzen ari diren, eskolak gutxi egin dezake gazteon heziketari dagokionez, beste instituzio sozialen laguntzarekin ez bada.

Orain arte, euskaldunok geure hizkuntza, kultura eta mundu ikuskera belaunaldiz belaunaldi igortzeko eta egoera berrietara egokitzeko gai izan gara. Honaino iritsi izana, horra hor baieztapen horren froga argia. Eta hau horrela izan da, hezkuntza sistema propioa antolatzea eragotzi eta hezkuntza sistema arrotzak inposatu zaizkigun arren. Indarrez inposatu ere.

Gure kultur ondarearen adierazpenik nabarmenena, euskara, berreskuratu, batu eta eskola munduan bere lekua lortzen hasi da. Asko geratzen da oraindik egiteko, noski: egun euskal ikastetxeetan ikasten ari den hamar ikasletik sei ez da euskaldunduko, eta unibertsitate nahiz lanbide heziketan euskararen presentzia oso urria da. Hala ere, euskarazko hezkuntzak urrats asko egin dituenik ezin uka.

Ordea, gauza bat da euskarazko hezkuntza eta, bestea, hezkuntza euskalduna. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, Euskal Herrian sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira. Horrekin batera, XXI. mendeko euskaldunak hezi nahi baditugu, euskaldun gaurkotuak, behar berriei egokituak eta aurrerapenetan txertatuak behar ditugu. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Curriculumaren funtsa. Bide honetan, 2003. urtean eraikitzen hasi ginen Euskal Curriculumaren esanahia ongi ulertu beharra dago. Gure helburua Euskal Herri osoan aplikatuko den Euskal Curriculum ofiziala eskuratzea da, baina, esan bezala, horretarako beharrezkoa izango da hezkuntza sistema propioa eskuratzea. Orain diseinatzen eta garatzen ari den Euskal Curriculuma, aldiz, estaturik gabeko herri batek egingo du. Horregatik, berau diseinatzeko metodologia berezia izan da. Munduko herri bakanetakoak izango gara curriculuma definitzeko garaian herriari hitza eman ziona. Historian curriculumak estatuek, hots, hezkuntzaz arduratzen direnak, definitu dituzte euren interes politiko, ekonomikoen arabera. Euskal Curriculumaren ezaugarri nagusia aldiz, parte-hartzea da. Horrek ematen dio indarra eta zilegitasuna proiektuari, hezkuntza komunitatea, herri eragileak eta herritarren atxikimenduak. Horrela, Euskal Curriculumaren eraikuntza prozesuak azpimarratu beharreko hainbat balore barnebiltzen ditu:

Ariketa demokratikoa da. Geure buruaren jabe izateko dugun eskubidea praktikara eramateko filosofian oinarritzen da Euskal Curriculuma. Euskaldunok badugu geure belaunaldi berriek jasoko duten hezkuntza definitzeko eskubidea eta egungo hezkuntza legediak hori ukatzen badigu ere, ez gaude geldi egoteko prest. Euskal Curriculuma estaturik gabeko herri baten curriculuma da, bere legitimitatea hezkuntza eskubideetan datza eta beraz berau garatzea hezkuntza eskubideetan aurrera egitea da. Euskal Curriculuma sortu eta aplikatzea, beraz, ariketa demokratikoa da.

Modu parte-hartzailean egiten ari da. Euskal Curriculuma, inguruko gainontzeko curriculumak ez bezala, metodologia parte-hartzaile baten bidez egiten ari da, hezkuntza eragileen adostasunetik abiatuta. Ez genuen beste erremediorik, ez baitago Euskal Curriculuma diseinatu eta aplikatu lezakeen instituzio nazional subiranorik. Baina parte hartzearen aldeko apustua ez da egin eraginkorrena zelako soilik; demokratikoki eta pedagogikoki egokiagoa delako baizik. Hobe da hezkuntza eta herri eragileek proposatutako eta herri batek eztabaidatutako curriculum bat, estatu batek edo bestelako egitura politiko batek ezarritakoa baino.

Herri eragileen ekarpena biltzen ari da. Horrek izugarrizko balorea dauka. Herri eragileek zer esan handia dute curriculumaren eztabaidan. Izan ere, herri eragileak dira, besteak beste, nor bere eremutik, herri proiektua definitzen eta lantzen ari direnak. Herri eragileak dira, etengabeko aldaketan dagoen mundu eta jendarte honetan, aldaketa horien aurrean erreakzionatzeko gaitasuna daukatenak. Eta herri eragileek izan behar dute, hortaz, hezkuntzak bermatu beharreko jakintza, abilezia eta batez ere baloreetan ekarpen handia egin behar dutenak. Gainera, kontuan hartu behar dugu eskola biharko jendartea sortzeko elementu bat besterik ez dela. Elementu garrantzitsua, baina ez bakarra. Ez dezagun ahaztu: egungo gazteek denbora bera igarotzen dute urtean telebistaren aurrean eta ikasgelan. Horregatik, ezin diogu eskolari eskatu egungo arazo guztiak konpon ditzan. Guztiok inplikatu behar gara jendarte eredu berri baten sorreran, justizian eta askatasunean oinarritutako jendartea: eskola, familiak, herri eragileak, komunikabideak... Guztiok inplikatu behar gara Euskal Curriculumaren garapenean.

Pertsonaren gaitasunak garatzeko helburua dauka. Euskal Curriculuma hezkuntzaren gaineko ikuspegi akademizista eta teknologikoa gainditu, eta ikuspegi kritikoa garatzen saiatzen da. Euskal Curriculumaren helburuetako bat, pertsonak gizabanako bezala, gizartekide bezala eta izadikide bezala ahalik eta konpetentzia gehien garatzea da.

Horrela, ekainaren 21ak epealdi baten amaiera eta beste baten hasiera ekarriko du. Amaitzen den epealdiaren helburua Euskal Herriaren historiako lehenengo Euskal Curriculuma sortzea zen eta sortu dugu.

Bestalde, behin Euskal Curriculuma sortuta, berau herriratzeko, eskolaratzeko eta garatzeko nazio estrategia antolatu behar dugu. Horretarako, gaurdanik egin behar ditugu hurrengo epealdiari arrakastaz ekiteko urratsak. Euskal Curriculuma aplikatzeko bidean beharrezkoa izango da ikuspegi integrala izatea eta prozesu guztian izandako oinarrien araberakoa izatea: izaera nazionalekoa eta partaidetasunean oinarritua Hezkuntza eragileekin (hezkuntza arautua) nahiz gizarte eragileekin (hezkuntza ez-arautua) adostutakoa eta dinamika sozialak, politikoak eta instituzionalak babestuta. Ezin dugu zenbait euskal lurralderen bazterketan oinarritzen den prozesurik onartu. Herriz herri zein ikastetxez ikastetxe Euskal Curriculumaren aplikazioa ahalbideratuko duen prozesu bat bultzatu behar dugu non tokian tokiko hezkuntza proiektuek funtsezko oinarria ezarriko duten. Herri bezala pentsatuz eta arituz, aplikaziorako prozesu oso bat bultzatu eta praktikara eraman behar dugu, bakoitzaren interes partikularretik haratago.

Gure zoriona eta poza adierazi nahi dugu urte hauetan egindako lan eskergarengatik. Norbanako eta eragileek, herritar desberdinek, erakutsi duten bizi nahi, ardura, konpromiso, eta borondatearengatik. Ekainaren 21ean zita bat dugu Kursaal-en Euskal Curriculumarekin, zita bat dugu Euskal Herriarekin. Egin dezagun herria, erein dezagun Euskal Curriculuma.

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2008-06-14/004/008/erein_euskal_curriculuma.htm

No hay comentarios:

Publicar un comentario