2010/11/19

Euskal Herriak Bere Eskola eta egungo Curriculuma

Ondoko testuan, EHBEk Gaur egungo curriculumari egiten dion kritika irakurri ahal izango duzue, berton aurreko testuetan asko azaldu diren terminoak landuko dituelarik, "euskara", "Euskal Herria" eta "gatazka".

Celaáren Curriculuma gehiengoaren nahien aurkakoa da

Asteartea, 2010(e)ko Martxoa(r)en 30

Eusko Jaurlaritzak onartu duen EAErako Curriculum berria herri honen gehiengoen nahiaren aurkakoa da. Oraindik osorik esku artean ez dugunez ezin dugu irakurketa zehatzik egin, baina prentsaren bitartez jasotako hainbat pasarterekin argi ikusten da zein den egoera eta erasoaren tamaina.

Euskara
Euskara eta gaztelera maila berdinean jartzen ditu. Nahiz eta euskarak esfortzu handiagoak behar dituela onartu argi ikusten dugu euskara desagertzera kondenatunahi dutela. Ikusi besterik ez dago proposaturiko eredu hirueledun berria: euskarak, gehienez, oraingo B ereduan duen presentzia bera izan dezake. Euskara eta gaztelera maila berean jartzeak ez du esan nahi biak ezagutuko dituenik ikasleak eskola bukatzerakoan. Are eta gehiago, gertatuko dena justuki kontrakoa da: eremu ez euskaldunetan milaka izango dira euskara menperatuko ez duten ikasleak.
Gainera hainbat kasutan euskara "ez-ebaluagarri" izango dela diote, hau da, ikasgai bakarrera muga daitekeela aurreikusten dutela. Euskara ez-ebaluagarri egiteak argi uzten du bi hizkuntzak ez dituztela maila berean jartzen, gaztelera beti delako ebaluagarri.
Herri honen gehiengoak argi utzi du zein den bere hautua. Aukera ematen denean, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aukera hori bada, D eredua da eredurik hautatuena. D eredua da, gaur egun, euskalduntzea lortzen duen bakarra. Eta ildo horretatik jarraitu beharrean euren nahi eta desiren arabera jotzen dute... gutxiengoaren nahiak eta desirak.

Euskal Herria
Euskal Herria terminoari balio kulturala baino ez diote ematen. Euskal Herria Pirinioen bi aldeetan baden herri bat dela onartu ostean folklorismoaren ikuspegitik heltzen diote. Oraindik ezin dugu testu osoa baloratu, baina argi uzten dute zein den euren ideala: gure herria badela ukatu eta honekin euren proiektu politikoa gauzatu.
Gainera Nafarroako Gobernuak sartutako errekurtsoari men egiten diote eta Curriculum berria "legaltasunaren barruan" dagoela esaten dute. Argi dago zein den legaltasun hori: Espainiako Konstituzioa.

Gatazkaren trataera
Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa eskoletan txertatu behar dela esaten dute. EHBEn beti defendatu izan dugu dauden gatazka ezberdinek lekua izan behar dutela hezkuntzan. Azken finean jendarte osoari gatazka horiek ulertu eta konpontzea baldin badagokio eskola leku ona da euren lanketa egiteko. Baina Celaák proposatzen duena ez da hori. Celaák proposatzen duena egi bakar eta absolutua dutela onartzea da. Eurena da proiektu apartidista eta beste guztiona ideologizatua omen.
ETAk erabilitako biolentzia "biolentzia ilegitimoa" dela esaten dute. Horrekin ondorioztatu dezakegu badirela "biolentzia legitimoak". Eta berez hala da. Izan ere "Educacion para la Ciudadanía" ikasgaian Espainiako Armadak egiten dituen misioak goresten ikasi behar baita.
Ez dugu esango euskal gatazka politikoak lekurik ez duenik. Baina ikasleei alderdi bakar bat erakustea, errealitatea desitxuratzeaz gain, pedagogikoki ideia txarra dela esan dezakegu.

Guzti hau dela eta Curriculum Dekretu honen aurka bildu eta mobilizatzeko deialdia luzatu nahi dugu. Ikastetxe ikastetxe egoerari buelta eman behar diogu eta Euskal Herriak behar duen Curriculuma eraiki. Guztion lana da.

http://www.euskaleskola.org/plazara-mainmenu-26/euskal-curriculuma-mainmenu-56

No hay comentarios:

Publicar un comentario