2018/12/07

HERRI-MINA


HERRI-MINA
<<Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak>>
Joseba Sarrionandia

Atzerria. Herritik aparte dagoena. Etxetik urrun. Atzerria. Aberriaren antonimoa. Jaioterriaren aurkakoa. 
Atzerrira joatea ez da gozoa, ez behintzat sustraiak lurrean barna sartzen dutenentzat.

Aspaldi atzerriko hiri batean bizi zela. Beste herri batean, beste hizkuntza bat zeukana, beste kultura eta beste jendea zeukana. Beste hura, bere egitera behartua.
Bera, halabeharrez, moldatu egin zen eta baita gogotik lan egin ere.
Atzerriak, batzuetan, badauka beste izen bat: bakardadea. Eta izen horrek beti abizen bera du: herrimina.

Malenkoniatsu bizi zen han, hiri arrotz hartan. Egun bat edo biko lagunekin zebilen, antza, ez ziren iraunkorrak lagunak han, bere edo haien erruz, auskalo.
Baina tristezia bai, tristezia lagunak ez bezala, iraunkorra zen. Leku orotako lagun fidela zuen, bere aldetik inoiz aldentzen ez zena.
Maitasuna ez zitzaion inon ere agertu hiri hartan, eta jaioterriko kontua zela pentsatzen amaitu zuen, bertan hasi eta bukatzen zena. Bakarrik han sortzen zen landare mota bat balitz bezala.

Egun batean kaletik goibel eta burumakur zebilela aterkirik gabeko arratsalde euritsu batean, neska lirain bat ikusi zuen arkupe bateko bazter batean. Geldirik zegoen, minigona gorri bat janzten zuen eta bularra aski erakusten zuen.
Euripean gelditu eta begira begira gelditu zitzaion. Emakumeak norbait begira zeukala konturatu zen eta begirada itzuli zion, begi ninietara.
Bi segundo igaro ziren eta auskalo zenbat denbora gizon desterratuarentzat.
Biratu eta berriz ere kalean barrena abiatu zen gizona.
Aste bat ala bi igaro ziren. Gizona arkupera itzuli zen eta han topatu zuen emakume hura bera.

- Zenbat? – galdegin zion.
- Hogei.
- Ados.

Gizonak buelta eman eta bere apartamentu merkerantza abiatu zen, emakumeak atzetik jarraitzen ziola. Portaleko atea ireki eta biak sartu ziren. Eskaileretan gora egin eta apartamentu ziztrinean sartu ziren.
Logelak ohea zeukan altzari bakar gisa, erdian kokaturik.
Emakumea arropa eranzten hasi zen gizonak burumakur kantoi batean itxaroten zuen bitartean. Emakumeak ez zeukan espresiorik aurpegian, baina burua tente zuen.
Ohean etzan zen. Gizonak alkandora kendu eta zakila prakatik aterata bere gainean jarri zen. Gizonak zakila bere aluan sartu zion eta larrutan hasi ziren. 
Bukatzear zegoela, gizonari negar malkoak atera zitzaizkion eta bukatzerakoan negarrez hasi zen, garrasika.
Lasaitutakoan, negar zotinka ohean etzan zen emakumearen alboan, uzkurtuta.
Emakumeak maitekiro besarkatu zuen, ezer esan gabe.
Isiltasunean iragan ziren minutuak eta orduak.
Egunaren lehen izpiekin altxatu zen gizona ohetik. Leihoa ireki zuen eta leiho-ertzean eseri zen. Begietara zuzenean begiratu zion emakumeari lehen aldiz.

- Zergatik? Zergatik patuak honetara kondenatu gaitin? Zergatik gu? Zer egin dinagu kondena hau merezi izateko? 

Emakumeak ez zion erantzun. Bere begiek sakontasun beltz batean murgiltzen ziren, hondorik gabeko itsasoak bailiran.

- Nire amak hitaz hitz egin zidanan, amonak berari kontatutako istorioak zitunala esan zidanan... Ez ninan amona ezagutu. Ni jaio aurretik hil omen zunan...

Gizonak buelta eman zuen eta oinak amildegiari begira jarri zituen. Dagoeneko ez zuen emakumea begiratzen, baina emakumeak berarengan begiak jarrita mantentzen zituen.

- Ez gaitun inor, denboraren ibaian hondoratu eta hondar bilakatuko gaitun. Aletu eta desagertu, betirako. Izan gintunanik ez din inork jakingo, inoiz.

Gizonak eskuekin aurreraka bultzatu zuen bere gorputza eta leihotik behera jauzi egin zuen.
Lurraren kontra kolpea eman eta hil egin zen.
Emakumea kolpea entzun ondoren minutu batzuk geldirik eta isilik geratu zen. Gerora, jantzi eta kalera itzuli zen, eskaileretatik jeisten zela, atzean behinola hori disdiratsuak ziren ileak dantzan zituela, su garrak bailiran.

Zuhaitzak, sustraietatik askatzen direnean, erortzea baino ez dute.

BIDEAN GALDUTAKOA


BIDEAN GALDUTAKOA

            -Nori zegokiok gaueko txanda?
            - Josemairi.
            - Bai zea! Ni atzo garbiketa txandan egon nintuan baina!
            - Isil hadi ta ein zak agindutakoa! Ta okurritu ere ez niri hikaz egiten berriro, aitu al dek?
           
Soldaduak suaren inguruan bildu ziren gauaren hotzaren kontra egiteko. Gerran arerio ugari daude, eta haiei aurre egiteko armak askotarikoak dira.
           
- Bueno, gure elkarrizketara itzuliz, zer esan dik koronelak?
            - Harekin egon nintzen atzo goizean, sargento. Hemen dakartzat bere mezua. Koronelak argi ta garbi hitz egin du: "este mensaje debe llegar raudo a nuestras tropas de reserva en Estella". Antza, osaba Tomasen agindu zuzenak omen dira.
            - Ta nola egin dek zauri hori?
            - Entziara igotzen nengoela, irrist egin eta erori naiz, ene sargentoa. Aurreko egunetan euria egin zuen eta... Eskerrak topatu ninduzuela! Bestela agian isabelino patruilaren batek...
            - Lasai, "aduanero", hemendik etziok liberalik, aurreko porrotak direla medio, ez dittuk mendi eta basoetan barrena abiatzen. Gu aspaldi ez diagula bat ikusi.
            - Hara... Kontua da ezin dudala nire misioarekin jarraitu eta mezu hau Lizarrara heldu behar da halabeharrez...
            - Ta helduko dek! Martxelino! Gazte! Etor hadi honea!
            - Bai, nagusi, esan.
            - Aitu zak ondo. Gure katebegi mezulari honek istripu bat izan dik, beraz, hik ingo dek bere egitekoa, argi ziok?!
            - Bai, nagusi! - gaztea tente jarri zen.
            Sargentoak zaurituari esan zion:
- Umemoko honek ez dittuk ilerik barrabiletan oindio, baino hemengo mendiak ondo ezagutzen ditek! Gazte! Eraman zak gutun hau Lizarra derrepenten! Aittu?
            - Bai, nagusi! Bihar atsaldean bertan izango nauk! Ay!
            - Zenbatetan esan behar diat hire nagusia naukela ta neri hikaz ez iteko, alproja hori!
            - Bai, nagusi ... Barkatu nagusi...
           
Martxelinok behar zituen ezinbesteko gauzak hartu eta zorroan gorde zituen. Hori egin bezain pronto, kideei agur esan eta gauaren iluntasunean, basoan barrena abiatu zen.
Ilargi ia betea zegoen, beraz, aurrera egin zezakeen, baina tentuz eta pauso motelez.
Basoa gero eta itxiagoa zen, baina erritmoa mantendu behar zuen Martxelinok. Amildegi baten ertzetik zihoala, ilargi izpiek gutxi argitutako harri koxkor batek erorarazi zuen gure protagonista eta maldan behera metro batzuk egin zituen.
           
Zorionez, errekatxo baten gainean erori zen eta ez zuen minik hartu.

            - Nondik atera haiz mutil?- emakume ahots batek galdegin zion.
            - Nork esan du hori?
            - Hemen galderak nik iten dizkiat.
            - Erori naun... Ilun zion eta...
            - Mina hartu dek?

            Burua altxatu eta, hara! Ezin zuen sinetsi bere begi parean zegoena! Biluzik zegoen neskato bat ikusi zuen erreka ertzean eserita. Martxelino, oraindik ere kolpeaz erdi zorabiaturik eta blai eginda, belauniko eta aho zabalik geratu zitzaion neskari begira, zer esan jakin gabe.

            - Ondo al hago?
            - B...b...bai...
            - Orduan... Ezetz harrapatu! - esan zuen erdi barrezka.

            Salto azkar batean jaiki eta katakume bat bezala basoan murgildu zen zilar azalezko izaki hura. Martxelino estropezuka altxatu eta bere atzetik abiatu zen, generalaren gutuna atzean utzirik, errekaren hondoan.

            Esnatu nintzen bat-batean. Amets arraroa hura, oraindik ere bueltan adimenean... Adimena subkontziente eta kontzientearen artean zegoen horretan. Aitona zerbait berezia izatea nahi zuen nire barneko niren batek, argi eta garbi.
            Ezin diot amets honi hain erraz ihes egiten utzi! Nire eleberrirako ideia onak izan daitezke!
Abiadan idatzi nituen oroitzapen lausoak, nire eskuak madarikatzen nituen bitartean, ez baitziren nire ahanztura baino azkarragoak.
            Aitonak gerra karlistan borrokatu zuen eta nik amonak kontaturiko istorioak baino ez nituen bera imajinatzeko: Gazte bizi, argal eta ausart bat irudikatzen nuen. Banekien idealizatuta neukala, baina idealizazio hori oso gogoko nuen. Berriz ere etorri zitzaizkidan burura amonari egiten genizkion bisiten oroitzapenak: baserri ilun hura, oholen kirrinkak, amonaren esku zimurtuak... Beldurra eta miresmen arteko sentzazioa garbi oroitzen dut, zerbait misteriotsua edo magikoa baserri urrun horretan ezkutaturik balego bezala.
            Nire ametsean aitonaren aurrean agertutako neska lamia behar zuen izan. Ametsean, ni aitona nintzen, edo agian zelatari isil eta ikusezin bat, ez dakit, ametsetan lehen perspektiba eta hirugarrena maiz uztartzen baitira.
            Nire istorian, lamia horrek Ovidioren nayadeen eta ninfen antzera, zuhaitz bilakatu zitekeen, nire aitona (edo Martxelino) harrapatzear egongo zenean. Ez zen ideia txarra...
            - ¡Hombre Julián! ¿Qué tal estás? Hace tiempo que no te veía.
            - Muy bien Antonio, la vida no me trata mal.
            Iruñako kaleetan beti egin behar duzu ezagunen batekin topo, ezin zaitezke inoiz helmugetara denboraz iritsi.
            -¡Vaya! Me alegro de verte...
            - Oye, Antonio, tengo algo de prisa, hablamos en otro momento ¿De acuerdo?
            - Bueno, bueno, no quisiera retrasarte...
            - Ya, ya...¡Hasta luego!
            - ¡Hasta luego!
Este Julián siempre tuvo la cabeza en las nubes... Siempre con la nariz metida entre libros... Creo recordar que sabía hablar en vasco... Curioso personaje, desde el colegio que no le veía.
            Ametsetetatik eratorritako istorio hura osatzen jarraitu nuen: "zuhaitz adarren artean ikus zitekeen neskaren gorputzaren zilar distirek gidatzen ninduten". Oraindik ez nion "lamia" deitu nahi neskari, Martxelinok ez baitzion ahate hankak edo urrezko orrazia ikusi momentura arte, baina sentzazio bat nire barnean hazten nabaritu nuen. Lamia deskribatzen nuen bitartean, bere irudiak apurka-apurka gorpuzten zihoala iruditzen zitzaidan, eta nire amonak esaten zidan esaldi bat gogoratu nuen "izena duen orok izana du". Agian horregatik ez nintzen "lamia" izena idazten ausartzen eta ametseko edo istorioko neskari egozten. Nola liteke trenak, irratiak eta ke zutabe luzeak botatzen dituzten tximiniak existitzen diren mundu honetan lamiarik egotea? Ez al ditu arrazoiak munduaren ertzak konkistatu? Nola ezkuta daitezke izaki hauek kartografiatik? Ez, ez dute izaterik papera edo eldarnioetatik at. Aspaldi hil egin genituen. Antza, izen izan ezinak dituzte. Eta amonaren kondairetako izaki horiek berarekin hilko dira, tamalez, aurki.

2011/01/05

SARRERA

Kaixo irakurle!

Gure proiektua hezkuntza eredu egokiena topatzea du helburu eztabaidaren bidez.
Zergaitik eztabaidaren bidez? Inposizioa gaitzetsi nahi dugulako eta arrazoian eta partehartzean sinisten dugulako erabakiak hartzeko.

Gure helburua aurrera eramateko hezkuntza eredu ezberdinen inguruko informazioa eskeintzen dizugu, baita gai honekin erlazioa duten hezkuntzaren munduko eta garapenaren sikologiako informazioa. Horretaz gain, euskal curriculum-eko hainbat artikulu eta datuak eskeintzen ditugu, hezkuntza eredu egokia leku zehatz batetan kokatu nahi dugulako, Euskal Herria, alegia, eta hortik mundura zabaldu, horregaitik garrantzitsua deritzogu euskal curriculum-eko proposamena ere ezagutzea. Hezitzaileak garen heinean, jakintza hiru atal dituen prozesu batetik igaro behar da eraginkorra izateko: informazioa jaso, hausnartu eta eztabaidatu. Prozesu hau betetzeko erreztasunak ematen ditugu gure blogean, hots, eredu egokiena bozkatzeko aukera eskeintzen dugu eta eztabaidatzeko eta iritziak trukatzeko foro bat zabaldu dugu.

Blog honetan eskeintzen dugun informazioa iturri desberdinetatik hartu dugu, bai beste web atarietatik, bai Youtubetik. Gure aburuz, interneteko informazioa ez dauka jabe pribaturik eta interneteko pribatizazioaren kontra gaude, horregaitik edozein informazio eskeini eta eralbiltzen dugu.

Agur bero bat! Irakurri, ikusi, pentsatu, hausnartu, eztabaidatu...eta ekin!

2011/01/04

Pako ARISTI, Idazlea: «Eskolak birrindu egiten du denok berez dakargun indar sortzailea»

Intxaurrondoko (Donostia) Ikastolako 21 ikaslek idatzitako ipuinak oinarri hartuta, Elurte bateko ipuinak liburua osatu du Pako Aristik, eta Gara egunkariari azaldu dio eskola “faxista” iruditzen zaiola.



“Nire ikuspuntua guztiz anarkista da: eskola faxista da, gurasoak erabat autoritarioak... Ikuspuntu ezberdinak dituzte horrela, eurek aukera dezatela gero. Haur hauek daukaten freskura sortzaile hori eskolan birrindu egiten da. Nire liburuan 21 haurrek parte hartu dute. Haur hauek, 11 urterekin, badakite ipuin bat idazten. Denek idatzi dute eta nahiko ongi gainera. Hogei urterekin, ordea, ia inork ez du jakingo. Eskolak birrindu egiten du denok berez dakargun indar sortzaile hori, maila guztietan: idazten, margotzen, musika mailan... Gizarte honetan dirua irabazteko eraginkorrak diren baloreak ematen ditu eta eskulan izateko prestatzen zaitu”.



Elkarrizketa osoa irakurri nahi izanez gero sar zaitezte hurrengo linkean:
http://www.gara.net/paperezkoa/20090322/128428/eu/Eskolak-birrindu-egiten-du-denok-berez-dakargun-indar-sortzailea

2011/01/02

Paulo Freire aurrez aurre

Hurrengo bideo hau, blog batean Paulo Freireri buruzko artikulu bat da. Oso interesgarria iruditu zait, honetan, honen ideologia argi eta garbi isladatzen delako, berari egindako elkarrizketa bat da izan ere.

Paulo Freire
Urtarrila 16, 2009 at 11:06 am · Filed under Bideoak, Ikuspegi kritikoa, Paulo Freire
Ikuspegi kritikoaren aita izan dela esan izan da. Munduarekiko duen ikuspegia zeharo harritzen gaitu, zintzoki gauza bakoitzari izen argi bat ipintzen dioenean. Hizketa goxoa eta argia erabiltzen du Zapaldu eta Zapaltzaile arteko harremana zein den eta nola sahiestu litekeen esateko. Bere ibilbidea gurean 1961. urtean hasten da, Recifen, Kultura Herritarraren Mugimendua sortu zuenean. Herritarren alfabetizazioa jarriko zuen martxan eta honek agintearen eta gobernuaren erantzun politiko errepresiboa eragin zuen. Hamasei urtez egon zen erbesteraturik, hasiera batean iheska Txilera joan behar izan zuen.Badira urte batzuk mundutik betiko joan zela baina oraindik ere bere itzaldiek gizon horren izaera nolakoa den argitzen jarraitzen dute. Youtubetik bat ipintzen dizuet baina bertan bada zerrenda luze bezain interesgarria.

http://hezkuntza.wordpress.com/category/ikuspegi-kritikoa/

2010/12/30

Hona eskola eredu inklusiboa azaltzen duen bideoa. Informazio osatuagoa eta zabalagoa nahi izanez gero, joan eskumako zutabean dagoen web loturara.

2010/12/29

Hona gaur egungo eskolaren kritika sakona. Orain arte, gaur egungo hezkuntza sistema gainetik kritikatzen dituen bideoak eta artikuluak jarri ditugu. Ideia honetan sakondu nahi izanez gero, ikusi Amerikako Estatu Batuetako hezkuntza sisteman (gaur egun hezkuntza sistema globalizatua dago, hortaz, gure herriko ikastetxeen egoerara aplikatu dezakegu teoria hau) oinarrituta dagoen honako bideoa: