Atzerrira joatea ez da gozoa, ez behintzat sustraiak lurrean barna sartzen dutenentzat.
Aspaldi atzerriko hiri batean bizi zela. Beste herri batean, beste hizkuntza bat zeukana, beste kultura eta beste jendea zeukana. Beste hura, bere egitera behartua.
Bera, halabeharrez, moldatu egin zen eta baita gogotik lan egin ere.
Atzerriak, batzuetan, badauka beste izen bat: bakardadea. Eta izen horrek beti abizen bera du: herrimina.
Malenkoniatsu bizi zen han, hiri arrotz hartan. Egun bat edo biko lagunekin zebilen, antza, ez ziren iraunkorrak lagunak han, bere edo haien erruz, auskalo.
Baina tristezia bai, tristezia lagunak ez bezala, iraunkorra zen. Leku orotako lagun fidela zuen, bere aldetik inoiz aldentzen ez zena.
Maitasuna ez zitzaion inon ere agertu hiri hartan, eta jaioterriko kontua zela pentsatzen amaitu zuen, bertan hasi eta bukatzen zena. Bakarrik han sortzen zen landare mota bat balitz bezala.
Egun batean kaletik goibel eta burumakur zebilela aterkirik gabeko arratsalde euritsu batean, neska lirain bat ikusi zuen arkupe bateko bazter batean. Geldirik zegoen, minigona gorri bat janzten zuen eta bularra aski erakusten zuen.
Euripean gelditu eta begira begira gelditu zitzaion. Emakumeak norbait begira zeukala konturatu zen eta begirada itzuli zion, begi ninietara.
Bi segundo igaro ziren eta auskalo zenbat denbora gizon desterratuarentzat.
Biratu eta berriz ere kalean barrena abiatu zen gizona.
Aste bat ala bi igaro ziren. Gizona arkupera itzuli zen eta han topatu zuen emakume hura bera.
- Zenbat? – galdegin zion.
- Hogei.
- Ados.
Gizonak buelta eman eta bere apartamentu merkerantza abiatu zen, emakumeak atzetik jarraitzen ziola. Portaleko atea ireki eta biak sartu ziren. Eskaileretan gora egin eta apartamentu ziztrinean sartu ziren.
Logelak ohea zeukan altzari bakar gisa, erdian kokaturik.
Emakumea arropa eranzten hasi zen gizonak burumakur kantoi batean itxaroten zuen bitartean. Emakumeak ez zeukan espresiorik aurpegian, baina burua tente zuen.
Ohean etzan zen. Gizonak alkandora kendu eta zakila prakatik aterata bere gainean jarri zen. Gizonak zakila bere aluan sartu zion eta larrutan hasi ziren.
Bukatzear zegoela, gizonari negar malkoak atera zitzaizkion eta bukatzerakoan negarrez hasi zen, garrasika.
Lasaitutakoan, negar zotinka ohean etzan zen emakumearen alboan, uzkurtuta.
Emakumeak maitekiro besarkatu zuen, ezer esan gabe.
Isiltasunean iragan ziren minutuak eta orduak.
Egunaren lehen izpiekin altxatu zen gizona ohetik. Leihoa ireki zuen eta leiho-ertzean eseri zen. Begietara zuzenean begiratu zion emakumeari lehen aldiz.
- Zergatik? Zergatik patuak honetara kondenatu gaitin? Zergatik gu? Zer egin dinagu kondena hau merezi izateko?
Emakumeak ez zion erantzun. Bere begiek sakontasun beltz batean murgiltzen ziren, hondorik gabeko itsasoak bailiran.
- Nire amak hitaz hitz egin zidanan, amonak berari kontatutako istorioak zitunala esan zidanan... Ez ninan amona ezagutu. Ni jaio aurretik hil omen zunan...
Gizonak buelta eman zuen eta oinak amildegiari begira jarri zituen. Dagoeneko ez zuen emakumea begiratzen, baina emakumeak berarengan begiak jarrita mantentzen zituen.
- Ez gaitun inor, denboraren ibaian hondoratu eta hondar bilakatuko gaitun. Aletu eta desagertu, betirako. Izan gintunanik ez din inork jakingo, inoiz.
Gizonak eskuekin aurreraka bultzatu zuen bere gorputza eta leihotik behera jauzi egin zuen.
Lurraren kontra kolpea eman eta hil egin zen.
Emakumea kolpea entzun ondoren minutu batzuk geldirik eta isilik geratu zen. Gerora, jantzi eta kalera itzuli zen, eskaileretatik jeisten zela, atzean behinola hori disdiratsuak ziren ileak dantzan zituela, su garrak bailiran.